|
TOKI-ALAI HERRI IKASTETXEAREN HISTORIA
D
EREDU PUBLIKOA IRUNEN
OIHARTZUN
HANDIKO ESKAINTZA
HANDITZE
PROZESU GOGORRA
DERRIGORREZKO
BIGARREN HEZKUNTZA TOKI-ALAI PROIEKTUAN
D EREDU PUBLIKOA IRUNEN
Toki-Alai, 1984an, Arbesko eraikuntza zaharrean jaiotako proiektua
da. Garai hartan guraso eta irakasle talde txiki baten gogoa eta
lanari esker, Dunboa eta Santa Elena ikastetxeetara joaten ziren
Toki-Alai Haur Eskololako ikasleak izen eta izaera propio zuen ikastetxea
bihurtu zuten, Toki-Alai H.I., alegia.
Hasiera gogorra izan zen, Irun hiriko auzo desberdinetako ikasleak
biltzen zituen D ereduko proiektu publikoa aurrera ateratzea ez
baitzen erreza. Oztopo asko gainditu behar izan ziren, ingurukoak
eta Hezkuntza Sailak berak jarritakoak barne, eta urteren batean
hamar ikasle besterik ez zegoen matrikulaturik.
Baina proiektu hartan inork gutxik sinesten bazuen ere, aurrera
jarraitu zuen. Baliabide eta laguntza gutxi genuen, baina ilusioa
eta oztopoak gainditzeko gogo handia. Lehenengo urteetan gela bakar
bat zegoen maila bakoitzean, eta denak Arbesko eraikuntza zahar
hartan, baina proiektua gorpuzten zihoan adinean, 1989an maila bakoitzeko
gela bakar bat izatetik hiru gela izatera iritsi ginen. Berriro
ere irakasle eta gurasoen arteko elkarlanean oinarrituta, haurtzaindegiz
haurtzaindegi gure proiektua ezagutzera ematera joan ginen, eta
arrakasta handia izan zuen Irungo gurasoen artean.
OIHARTZUN HANDIKO ESKAINTZA
Arrakastatsua izaten hasi zen, beraz, D eredu publikoaren eskaintza
eta, Arbesko eraikuntza zaharrean tokirik ez zegoenez, gela batzuk
garai hartan Heziketa Berezikoa zen Sius ikastetxera joan behar
izan genuen. Ikasturte batzuk pasatu behar izan genituen bertan
zeudenekin, garai hartako lege berria zela eta, ikastetxe hura desagertu
zen arte. Sius urruti zegoen eta Arbesera auzoetako ikasleak ere
etortzen ziren. Derrigorrean jangela eta garraio zerbitzu sendoak
antolatu behar izan genituen.
Haur Hezkuntzako ikasleak sartzeko tokirik ez genuen gure egoitza
zaharrean, eta Siusen egokitu behar zen bertan zegoena, OHOko ikastetxea
bihurtzeko. Hezkuntza Sailari eraikuntza berri bat egiteko proiektua
eta Siuseko egokitzapena aurkeztu zitzaion 1992-93an. Hurrengo ikasturtean
Hezkuntza Sailak obra egitea erabaki zuen, eta hurrengoan, eraikuntza
zaharra eraitsi egin zen.
HANDITZE PROZESU GOGORRA
Obra iraun bitartean Haur Hezkuntzako ikasleek hutsik zegoen Behobia
ikastetxera joan behar izan zuten. Irakasle eta gurasoen arteko
lankidetza guztiz garrantzitsua izan zen garai hartan ere, alde
batetik bestera gogorra baitzen.
Oztopo horiek guztiak izan arren, proiektuak herrian arrakasta izaten
jarraitu zuen, eta matrikula garaian, ikastetxeak jaso zezakeena
baino ikasle kopuru handiagoak egiten zuen urtero gurera sartzeko
eskaera.
DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZA TOKI-ALAI PROIEKTUAN
DBH martxan jarri zenean, 1996-97 ikasturtean, alegia, eta Derrigorrezko
Hezkuntzako ikastetxe bakarra izan ezinean, DBHko ikastetxea, behin
behinekoz, berriro hutsik zegoen Behobiako eraikuntzara eraman genuen.
Garai hartan DBHko lehenengo eta bigarren mailako gela bana besterik
ez genuen, baina atzetik gehiago zetorren eta etorkizuna ziurtatuta
zegoen.
Bertan bi ikasturte pasa, eta sartzen ez ginela ikusita, Hezkuntza
Sailak gaur egungo DBHko egoitza den Gazteluzarrera ekartzea erabaki
zuen. Hortik aurrera Elatzetako D ereduko ikasleek ere daukate erreferentzia
zentrotzat Toki-Alai DBH, eta azken bi ikasturteetan toki arazo
daukagu Gazteluzarren ere. Dagoeneko Hezkuntza Sailak hori konpontzeko
inbertsioa egin duen arren, etorkizunari begira, zabaltzeko proiektua
aurkeztuta dugu, hori baita aurrera jarraitu ahal izateko modu bakarra.
|
|