TOKI-ALAI PROIEKTUA
Non gaude
Historia
Aurkezpena
Hezkuntza proiektua
Ikastetxea zifratan
 HEZKUNTZA ESKAINTZA
Haur Hezkuntza
Lehen Hezkuntza
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza
  PROIEKTUAK
Egoitzak
Eguerdian mintzo
Elatzetakoekin harremanetan H.H.
Elatzetakoekin harremanetan L.H.
Eleaniztasun goiztiarra H.H.
Eleaniztasun goiztiarra L.H.
Gurasoek ere euskaraz
Hizkuntza normalkuntzarako proiektua
IKT ikastetxe-eredua
Otorduan ere euskaraz
Toki-Alai DOArekin
 ZERBITZUAK
Jangela
Liburutegia
Garraioa
Tutoritza
 IDAZKARITZA
Izapideak
Helbidetegia
   
Plazaguneak garatuta
Tokialai Ikastetxea: Historia
Hezkuntza proiektua

Toki-Alai Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako Proiektu publikoa eta dohainekoa da, D Ereduan diharduena, eta Irungo hiriko auzo desberdinetako ikasleak biltzen dituena. Hartzen duen lurralde-esparrua zabala eta anitza da, eta halakoa da, era berean, bertara biltzen diren ikasleen gizarte-esparrua.

Haur Hezkuntzarako ikastetxe bat du Arbesko auzoan, Lehen Hezkuntzarako ikastetxe bat Ibarlan (Sius) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako ikastetxe bat, Gazteluzarren dagoena.

Hona zer eskaintzen duen Toki-Alaik bere Hezkuntza Proiektuan:

 

 

NORTASUN EZAUGARRIAK

Toki-Alai Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Kontseilaritzaren mendeko HERRI ikastetxe bat da; beraz, erabat finantzatzen du Autonomia Elkarteak, eta DOHAINEKO IRAKASKUNTZA du, besteak beste, ezaugarri nagusi. Horrenbestez

  • Premia bereziko egoerak hartuko dira kontuan dohaintasunak bere gain hartzen ez dituen gastuetarako: materiala, eskolaz kanpoko jarduerak edota jarduera osagarriak, esaterako.

Ikastetxe euskalduna da gurea, “D ereduan” oinarritua, hauxe da, EUSKARA da gure komunikazio eta hezkuntza hizkuntza. Euskaraz irakasten ditugu gai guztiak, eta EUSKAL KULTURAren ezagutza eta harekiko begirunea ditugu jomuga gure ihardunean. Horrenbestez

  • Ikasle euskaldunak alfabetatuko ditugu.

  • Ahalegin bereziak egingo ditugu haur erdaldunak EUSKALDUNTZEN, Haur Hezkuntzan, bereziki., baina Lehen Hezkuntza osoan zehar laguntza eta errefortzuekin jarraituz

  • Euskararen erabilera bultzatuko dugu elkarren arteko harremanetan, hala eskola giroan nola kanpoan.

  • EUSKAL KULTURA bultzatuko dugu, haren ezagutza, transmisio eta bizipenari loturiko ihardunak eratuz, eta bestek antolatutakoetan parte hartuz.

Zera dugu helburu, DBH amaitzean ikasleak Autonomia Elkarteko BI HIZKUNTZA ofizialak zuzen erabiltzeko gai izatea eta, beraz, gaztelania ere egoki menderatzea. Horrenbestez

  • Gaztelaniazko alfabetatzea bideratuko dugu, Lehen Hezkuntzako Bigarren Zikloko 1. mailatik aurrera.

Ikastetxe DEMOKRATIKOA eta PARTE-HARTZAILEA da gurea, Hezkuntza Elkartea osatzen duten partaide guztien (gurasoak, ikasleak, irakasleak) eta norberaren askatasuna bermatzen duena, akonfesionala eta ideologia joera zehatzik gabea, gure ikasleen artean giza eskubide eta tolerantziarekiko begirunea bultzatuko duena. Horrenbestez

  • Norberaren askatasuna, libreki pentsatu, adierazi eta aukeratzeko askatasuna, bultzatuko dugu, Gizarteko beste kideen eskubide eta iritziekiko begirunean betiere.

  • Hezkuntza Elkarteko partaide guztien ELKARREN ARTEKO LANA garatuko da, informazio, kontsulta eta erabakiak hartzeko prozedura zabal eta ireki batetik abiatuta, eta Ikastetxeko Erakundeen, hauxe da, Ikastetxeko Kontseiluaren, Zuzendaritza Taldearen, Klaustroaren eta Guraso-Elkarteen garrantzia nabarmenduta.

  • Hezkuntza Elkarteko sail guztien arteko begirunea bultzatuko da, eta aintzat hartuko da haren barneko aniztasuna.

Ikastetxe BATERATZAILEA da gurea, ikasleen aniztasunari eta hezkuntza beharrei egoki erantzun nahi diena. Horrenbestez

  • Eskola-bizitzaren aberasgarri gisa erabiliko da aniztasuna.

  • Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren garapena bultzatuko da ikasleen artean.

  • Behin behineko edo behin betiko hezkuntza beharrak dituzten ikasleei erantzuteko baliabideak antolatuko dira

Gure hezkuntza prozesuan zehar, ikasleen adimen eta gizarte-garapena neurtzen eta lantzen ditugu, ikasle horiek erraztasunez eta naturaltasunez egokitu daitezen gizartean eta hartan sortuko zaizkien arazoei egokiro aurre egin diezaieten. Halatan, txikitatik bultzatuko dira haiengan norberaren AUTONOMIA, heziketa eta gaitasunen GARAPENA, hala eguneroko lanean nola irakasleekiko edo lagunekiko harremanetan, SORMENA, AURKIKUNTZETARAKO IRRIKIA eta KRITIKARAKO GAITASUNA. Horrenbestez

  • Norberaren AUTONOMIA bultzatuko dugu, ikaslearen pertsona-garapena kontutan izanik betiere.

  • Azterketarako tresnak jarriko ditugu ikasleen eskura, behaketa eta kritikarako gaitasuna, lan intelektualerako ohiturak, eskola-egiteko guztien aurreko arreta, kontzentrazioa eta antolamendu txukuna adibidez, bultzatuz eta sustatuko dugu, halaber, informazioaren eskuratzea eta hura bereizteko gaitasuna eta xede horretan irakurketa eta teknologia berriak hartuko ditugu ezagutzarako iturritzat.

  • Elkarrekin bizitzeko eta elkarren arteko begirunerako arauak eta ohiturak bultzatuko ditugu, norbera, komunikatzeko gaitasuna kultura eta gizarte esparru guztietara zabal araziz, pertsona gisa gara dadin.

  • Oinarrizko kultura amankomun bat eskaini diegu ikasle guztiei, goi-mailako ikasketetan edo lanean oztoporik izan ez dezaten.

KOEDUKAZIOrantz bideratu dugu gure jarduera, berdintasunera heltzeko, sexu desberdintasunak direla-eta inolako diskriminaziorik gerta ez dadin. JENDETASUNA bultzatzen dugu norbanakoa, bereari uko egin gabe, gizarteko partaide bihur dadin. Horrenbestez

  • Lan egingo da, tabuak gainditu eta nesken eta mutilen rolak bereiz ez daitezen.

  • Aintzat hartuko da talde-lana, ikaskuntza-iturri gisa.
    . KOEDUKAZIOAN oinarrituriko erregimena bultzatuko da, tradizioaren araberako rolei garrantzirik eman gabe eta ikasleari bi sexuen egiteko-irudi anitzak, bereizketarik gabeak, eskainita.

  • Ikasleen partaidetza eta hausnarketarako bideak bultzatuko ditugu gure inguruko gizarte-giroaren aldeko ekintzetan, ingurugiroaren babes, kontserbazio eta hobekuntzaren aldeko ekintzetan.


Irakasle-talde garen aldetik, ikasleari zor zaion ARRETA, ORIENTAZIOA, ELKARKIDETZA, PARTAIDETZA eta irakasleen ETENGABEKO PRESTAKUNTZA dira gure lanaren oinarriak. Hona gure lanaren ardatz nagusiak:
  • Informazioa, laguntza eta aholkuak eskainiko zaizkie ikasleari eta haren familiari.

  • Ikasle bakoitzaren bilakaeraren jarraipena eta ikasketa nahiz lan-giroko orientazioa ziurtatuko dira, eta tutoretza-lanak sendotuko dira horretarako.

  • Talde-lana, Ikastetxeko organo eta etapa desberdinen arteko koordinazioa, bultzatuko dugu.

  • Irakas jardueraren prestakuntza, berrikuntza eta autoebaluazioa bultzatuko dira.
 

                                                                 

METODOLOGIA

Metodologia ERAGINKOR bat dugu abiapuntu helburu hauek guztiak onik bete ahal izateko. Haurra da gure hezkuntzaren xede nagusia, ikasle bakoitzari egokitzen zaio gure pedagogia, gogoan izanik haren bilakaera-maila, haren interesak, aintzat harturik norberaren erritmoa eta bultzaturik guztien ikaskuntza esanguratsua. Horretarako, JOKOA, MANIPULAZIOA eta nagusien munduaren IMITAZIOA ditugu abiapuntu, eta arian-arian urratzen ditugu pentsamendu MAILA GARATUAGOAK erraztuko dituzten mekanismoetarako bideak. Haur eta Lehen Hezkuntzan, gure ikasgelak «Txokotan» antolatuta daude, haurren beharrei, lan ERAGINKOR, AUTONOMO eta SORTZAILE baten bidez egoki erantzuteko.

Jarduera desberdinetarako guneak dira «Txokoak». Arian-arian, ikasleek mailaz gora egin ahalean, ikasleek bakarka lan egiteko gune bihurtzen dira. Talde-saioetan edo ingurunea ezagutzeko, arte-espresiorako eta kirol hezkuntzarako alorretan, talde-lana bultzatu eta neurtzen dugu, ikaskuntza eta norbanakoaren pertsona eta gizarte-garapenerako iturri gisa.

Haur eta Lehen Hezkuntzan, abiapuntutzat haur bakoitza hartzen dugunez, irakasle-talde desberdinen gain dago ikasgela bakoitzeko materiala antolatzeko eta egokitzeko ardura; haien gain daude, halaber, curriculum-ean bideratu beharreko egokitzapenak, testu-liburua ikaslearen oinarrizko material gisa erabili gabe

Ezaugarri bereziak dituen etapa berri bat da Bigarren Hezkuntza. Etapa honetako arloek ikasgaietara biltzeko joera handia dute eta horrebestez prestakuntza balioanitza eskaini behar dugu: edukin amankomunak dituen gune batetik abiatu eta gero eta bereizkuntza-maila handiagoa bideratuko dugu Bigarren Zikloan. Ikasgai berrien artean daukagu Gizarte Zientziak eta Natur Zientzien arteko bereiztea (Biologia, Geologia, Fisika eta Kiimika) edota Teknologiaren sarrera derrigorrezko ikasgai gisa lehenengo hiru ikasturteetan, eta aukerakoen artean laugarren mailan

Aukerakotasuna etengabekoa da, eta, era horretan, ikasle bakoitzak eratuko du bere ibilbide propioa

Testu-liburua da orain ikaskuntza-irakaskuntza prozesoaren euskarri nagusia, baina lan eraginkor, autonomo eta sortzailearen garrantzia ahaztu gabe.

Behar duen ikaslearentzat, mintegiak oinarrizkoen plangintza antolatzeaz arduratzen dira, materiala eta baliabideak barne.


Halaz ere, elkarren osagarri diren oinarrizko bi printzipiori eutsiko diegu etapa honetan, ULERKORTASUNAri eta ANIZTASUNAREN BALORAZIOari hain zuzen ere.

Lehen nahiz Bigarren Hezkuntzan, ikasleen IKT-en – Informazioa eta Komunikaziorako Teknikak – ezagutza eta erabilera bultzatuko dira; ikaskuntza-irakaskuntza prozesua erraztu eta indartzen duen tresna gisa; ikasleak Interneten erabileran, eta ordenagailuaren eta adin bakoitzari dagokion softwaren oinarrizko ezagutzan trebatuz

                                                                  


EBALUAZIOA


Tutorearen eta irakasle-taldearen ardura da hezkuntza prozesuaren ikuskaritza eta ebaluaketa, ikaskuntza prozesuaren eta irakaskuntza jardueraren ETENGABEKO EBALUAKETAN oinarrituta.. Horretarako, HASIERAKO EBALUAZIOA dugu abiapuntu; ondoren, EBALUAKETA HEZIGARRIAn, kontuan hartzen dugu egitekoen, partaidetza-mailaren eta Jarduera desberdinen jarraipen-mailaren gaineko azterketa.

Aipatutako hasierako ebaluazioarekin zera nahi dugu:

  • Ikas-taldea ezagutu, ikaskuntza-irakaskuntza prozesua egokitzeko

  • Ikasle bakoitzaren egoera ezagutu eta bere hobetzeko behar dituen baliabi guztiak martxan jarro

  • Behar bereziak dituzten ikasleak detektatu, ikastetxeak neurri egokiak har ditzan

  • Gela barruan aniztasunaren trataera oantolatu

Haur eta Lehen Hezkuntzan, termino KOALITATIBOEN bitartez baloratzen da prozesu hau: jaso egiten dira haurrek eginiko aurrerapenak, kasu bakoitzean hartu diren errefortzu eta moldaera-neurriak.

Ziklo bakoitzaren bukaeran, ikasle bakoitzak eginiko aurrerapenaren, zikloan eta etapan lorturiko helburuen eta arlo bakoitzean zehazturiko helburu eta irizpideen aurrean emaniko mailaren ESTIMAZIO GLOBALA egiten dugu. Bigarren Hezkuntzan, ordea, Lehen Zikloa eta Bigarren Zikloko ikasturte bakoitza bukatu ondoren egiten den BATUKETA baten ondorioa da EBALUAZIO hori. Era berean, bere irakaskuntza jarduerari buruzko hausnarketa egiten du ziklo bakoitzeko taldeak.

                                                               

 

 HIZKUNTZAREN TRATAMENDUA

D Ereduko ikastetxea den aldetik, EUSKARA da erabiltzen dugun hizkuntza.
Haur Hezkuntzatik aurrera ahalegin bereziak egiten ditugu ikasleak euskalduntzen eta, gurasoek emaniko informazioaz oinarrituta, euskara mailaren arabera biltzen ditugu:

1.- Euskaldunak; haien gurasoak, edo haietako bat, euskaraz mintzatzen dira haurrarekin.
2.- Erdaldunak; gaztelera da haien etxeko hizkuntza.

Hizkuntzaren araberako talde homogenoak antolatzen ditugu. Hona zergatik:

  • Hizkuntzaz jabetzeko eta hura garatzeko behar diren maila eta erritmo desberdinak hobeki errespetatzeko aukera ematen digute.

  • Erraztasunak ematen dizkigute euskara maila kaxkarragoaz hasten direnei behar dutena eskaintzerakoan. Horrela jokatuta, hizkuntza maila beretsua duten ikasle-taldeak lortuko ditugu geroago.

  • Haur euskaldunen euskara neurtzen eta bultzatzen laguntzen digute eta, halatan, gaztelaniaren giro-nagusitasuna saihestuko da.

Bi taldeekin programazio berberaz abiatzen gara baina, gure lana eraginkorragoa izan dadin, pedagogia-tratamendua berezia da, haur erdaldunen ikasgeletan hizkuntzaren kontestualizazio handiagoaz eta norberaren baliabide zehatzak abian jarriz.

Euskaraz ikasten dute gure ikasleek, zeren, gutxiagoturiko hizkuntza den aldetik, honela jokatuta:

  • Eskola errendimendu hobeagoa eta ikasle euskaldunen autoestimazioa bultzatzen baitira.

  • Haien hizkuntza eta ezagutzarako gaitasuna bultzatzen direlarik, ez baita ikasle erdaldunen eskola errendimendua oztopatzen.

  • Euskararen normalizazioa eta haren kulturarekiko identifikazio handiagoa bultzatzen baitira.

  • Eskola testuinguran hizkuntzaren funtzionalitatea sartzen baita

Lehen Hezkuntzako 3. mailan, irizpide heterogenoen arabera biltzen ditugu ikasleak, ez soilik hizkuntza desberdintasunen arabera. Oinarrizko hizkuntza-maila eskuratzen denean, beste alderdi sozio-afektibo eta pertsona-ezaugarri batzuk hartzen ditugu kontuan.

Lehen Hezkuntzako Lehen Zikloan euskara sakontzen jarraitzen dute ikasleek, eta hizkuntza horrek dituen oinarrizko tresna-teknikak ikasten dituzte.

Bigarren Zikloaren hasieran hasten gara gaztelera lantzen, alfabetatze-saioen bidez, horixe baita gizarte mailan sendo dagoen hizkuntza eta ikasle guztiek ezagutzen duten aho-hizkuntza. Horrenbestez, DBH amaitzean gure ikasleak bi hizkuntzetan alfabetatuta egon daitezen nahi dugu.

Lehen Hezkuntzako Bigarren Zikloan, 4 urteko geletan, ingelesa hasten gara irakasten hirugarren hizkuntza gisara.

DBHko 1. ikasturtean berriro antolatzen dira taldeak eta antolamendu horri begira kontuan hartzen da ikasleak ikastetxe desberdinetatik datozela eta gogoan edukitzen da, halaber, Lehen Hezkuntza bukatu ondoko ebaluazioa. Heterogenotasun-irizpideak erabiltzen dira antolamendu-prozesu honetan.

DBH bitartean frantsesaren irakaskuntza eskaintzen da ikasleen aukerako 4. hizkuntza gisa.

Ikasketa prozesu guztian zehar, ebaluaketa sistematikoa burutzen dute tutoreek. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako bi Zikloak amaitzen direnean, ebaluaka horiei begira sortutako Zikloen Arteko Batzordeek ikasleen hizkuntza-mailari buruzko gogoeta sakonago bat egiten dute eta, akatsak atzeman ondoren, kasu bakoitzerako konponbide egokiena aztertzen eta bilatzen dute:

  • Zikloan urtebete gehiago eman beharra.
  • Laguntza zehatzen prestakuntza.
  • Curriculum mailako egokitzapenak.
  • Hizkuntzaren tratamenduaren berrikustea Ikastetxearen Curriculum Proiektuan.
  • Beste hizkuntza eredu batzuei buruzko aholkuak.


                                                               

ANTOLAMENDUAREN EGITURA


1.- Organigrama

2.- Ikastetxeko Organoak.

3.- Ikastetxearen Zerbitzuak

  • Jangela
  • Garraioa
  • Eskolaz kanpoko jarduerak
  • Ikasleen gurasoekiko arreta

4.- Toki Alai Haur eta Lehen Hezkuntzaren eta Toki Alai Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren arteko harremanak

  • Pedagogia-esparrua
  • Antolamendu-esparrua
  • Gestio-esparrua

5.- Beste erkundeekiko harremanak

  • Lurralde Ordezkaritza
  • Ikuskaritza
  • Udala
  • Berritzegunea
  • Sarean eta BiHe



5.2.- IKASTETXEKO ORGANOAK

Barne Erregimeneko Arautegian zehazten dira ikastetxeko organoen betebeharrak eta konpetentziak.

  • Eskola Kontseiluak

Ikastetxeko gobernu-organua da.

Bertan hartzen dute parte hezkuntza elkarteko sektore desberdinek (ikasleek, irakasleek, gurasoek, zuzendaritza taldeak, udalak, irakasle ez diren langileek).
Eskola Kontseiluaren ardura da plangintza guztiak, hala gestio mailakoak nola administrazio eta ekonomia alorrekoak, onartzea, eta zentruko jarduera orokorra ikuskatzea.

  • Zuzendaritza Taldeak

Ikastetxeko zuzendaritza funtzioak betetzen ditu.

Taldeko partaideak dira

  • Zuzendaria: Gestioa, zuzendaritza eta ikastetxeko koordinazio orokorra.
  • Ikasketa Zuzendaria: Pedagogia alorreko arduraduna.
  • Idazkaria: Administrazioa eta gestio ekonomikoa DBHn. LHn kudeaketa ekonomikoa ikastetxearen administratzailak eramaten du.

Partaide guztien arteko talde-lanaren alde egiten dugu apostu, zuzendaritza koherente, koordinatu eta eraginkorragoa lortzearren.

  • Klaustroak

Ikastetxeko irakasle guztiak partaide diren organoa da. Klaustroak prestatu eta gauzatzen ditu irakaskuntza mailako jarduerak.

Lan teknikoa eraginkorragoa izan dadin, Zikloen egituran oinarritutako antolabide eredu bat aukeratu dugu. Bertara biltzen dira tutoreak, haien lana bideratzen eta sustatzen ahaleginak egin behar dituzten Koordinadoreen ardurapean. Ikasketa Zuzendariaren gidaritzapean antolatzen dira Batzorde Pedagogikoaren barnean.

  • Gurasoen Elkarteak

Ikasleen gurasoak izan daitezke Ikastetxeko Gurasoen Elkarteko bazkide.

IGEk (Ikasleen Gurasoen Elkartea) antolatzen ditu Eskola Kontseiluak onartutako eskolaz kanpoko jarduerak, jaialdiak, eta ikastetxeko ikasgelen antolaketan parte hartzen du. Proposamenak aurkezten dituzte Ikastetxeko organoaren aurrean, hauek erabaki beharreko gaien inguruan.

5.3.- IKASTETXEKO ZERBITZUAK

  • Jangela

Ikastetxeak jangela zerbitzua eskaintzen du hiru egoitzetan.

Zaindariak ditu jangela bakoitzak, eta bazkaria zerbitzeaz gainera arratsaldeko klaseak hasi arteko aisialdian egiten diren jarduerak planifikatzen eta antolatzen dituzte.

Gurasoek finanziatzen dute jangela %75ean eta administrazioak %25ean, eta Zuzendaritza Taldeak gestionatzen du.

  • Garraioa

Ikastetxeak hiritik kanpo daudenez, eta Irun osoko ikasleak biltzen dituenez, ibilbide desberdinetan auzo guztietako haurrak jasotzen dituen autobus zerbitzu bat dugu.

Administrazioak %100ean subentzionatzen du autobus zerbitzua Hezkuntza Sailak finkatutako distantzia eta erreferentzia eremuaren inguruko baldintzak betetzen dituzten ikasleentzat

  • Jarduera osagarriak eta eskolaz kanpoko jarduerak

Irakasle Taldeek bideratuko dituzte ikastorduetan antolatzen diren jarduera osagarriak.

Ikastetxeko Gurasoen Elkarteak eta irakasle-taldeek antolatuko ditu eskolaz kanpoko jarduerak, Eskola Kontseiluko Batzorde Iraunkorraren ikuskaritzapean betiere.

  • Ikasleen gurasoekiko arreta

Harremanak etengabeak dira Gurasoen Elkartearekin eta tutoreen eta ikasleen gurasoen artean, hala taldetan nola banan-bana.

5.4.- TOKI ALAI HH ETA LH-AREN ETA TOKI ALAI DBH-AREN ARTEKO HARREMANAK

Honako esparru hauetan zehazten dira Toki Alai Haur eta Lehen Hezkuntzaren eta Toki Alai Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren arteko harremanak:

  • PEDAGOGIA-ESPARRUA

Hezkuntza Proiektuaren iraunkortasuna eta etapa desberdinen curriculumen arteko koordinazioa bermatzea du helburu.

Zuzendaritza taldeen ardura da koordinazio hori aurrera eramaten dela ziurtatzea.

  • ANTOLAMENDU-ESPARRUA

Haur eta Lehen Hezkuntzaren eta Derrigorrezko Bigarren Hezuntzaren antolamendu eta jarduera amankomuna bermatzea du helburu

Horretarako sortzen da Kontseiluen arteko batzordea, honako hauek osatua: bi kontseiluburuak, eta bi kontseiluetako irakasleen eta gurasoen ordezkari bana.

  • GESTIO-ESPARRUA

Gestio mailako irizpideak bateratzea du helburu eta Toki Alai Haur eta Lehen Hezkuntzarako eta Toki Alai Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako Ikastetxeetako zuzendarien arteko lana da hori.

5.5.- BESTE ERAKUNDEEKIKO HARREMANAK

Inguruan txertatutako Ikastetxe garen aldetik, udalerrian antolatzen diren ihardueretan hartzen dugu parte eta, aldi berean, harreman estuak ditugu hezkuntzaren esparruan eragina duten erakundeekin:

  • Lurralde Ordezkaritzarekin, beronek zehazten eta finanziatzen baititu langileen eta Ikastetxeko gastuak, eta garraio eta jangelarako subentzioak.
  • Ikuskaritzarekin, geure hezkuntza lana ikuskatzen baitu: Ikastetxearen Plangintza, Memoria, Ikastetxera aldiro-aldiro egiten diren ikustaldiak,
  • Udalarekin, Haur eta Lehen Hezkuntzarako ikastetxeetako instalakuntzen kontserbazioaz eta mantenuaz arduratzen baita. Lagundu egiten diogu Udalari berak antolatzen dituen hezkuntza jarduera anitzetan, eta parte hartzen dugu Udal Hezkuntza Kontseiluaren bileretan.
  • Eskualdeko Berritzegunerekin, arlo guztietako arazoei buruzko aholkuak, laguntza psikopedagogikoa, talde profesioanitzaren eskutik, eta irakaslegoaren etengabeko prestakuntzarako aholkuak jasotzen baititugu harengandik.
  • Berritzegune delako horretan, harremanetan jartzen gara eta beraiek antolatutako formakuntza jardueretan parte hartzen dugu Irungo beste ikastetxeekin, Zuzendariek, Ikasketa Zuzendariek eta DBH arloetako mintegiek egiten dituzten bileren bitartez.
  • Sarean (Lehen Hezkuntza) eta BiHe (Bigarren Hezkuntza) , sare publikako ikastetxe eta zuzendarien elkarteetan parte hartzen dugu Estola Publikoaren alde antolatzen diren ekimen guztien koordinazioan eta antolaketan.

 
 
Toki-Alai ikastetxea: Agenda
2010 iraila
    1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29 30
Multimedia bilduma
Bisitaldi birtuala
Einika

Eskola kanpotik
Eskola barnetik
5. Ako bloga
5. Bko bloga
5. Dko bloga
6. Ako bloga
6. Bko bloga
6. Dko bloga